Kaixo lagunok!!
Gaurkoan talde lanean murgildu gara buru-belarri. Google docs-en bidez taldekideok praktikaldian zehar teknologiaren inguruan bizitako esperientziak idatzi eta lana osatzen aritu gara, pixkanaka hau ere badoa itxura hartzen!!Era berean, guztion artean elkartu eta ikastaroarekin hasi aurretik, IKT-en inguruan izan ditugun esperientzia ezberdinen inguruan hitz egin dugu. Garrantzitsua iruditu zaigu, lana egin aurretik eta teknologia berriak ikasgaian erabat barneratu baino lehen, gai honen inguruan genituen aurre ezagutzak aipatzea.
Ildo honetatik, guretzat zer den informazio eta komunikazio teknologia, hezkuntzarako ikusten diogun garrantzia zein den, guk zein gaitasun teknologiko ditugun, non eskuratu ditugun hauek... komentatu dugu taldekideon artean. Izandako elkarrizketaren ostean, taldekideok gure ikuspuntuak trukatu eta ondorio batzuetara heldu gara. Elkarrizketa hauek oso interesgarriak dira, gaiaren inguruko ikuspuntu ezberdinak ezagutzea ahalbidetzen baitu eta hori, ezbairik gabe, komenigarria da gai honen inguruan dugun ikuspuntua osatu ahal izateko.
Bestalde, egindako lana (gaurkoa eta aurrez eginda genuena) beste taldekide batzuekin trukatu dugu. Guk geure lana bidali diegu haiei eta beraiek berea guri. Gauzak horrela, elkarri komentarioak idazten aritu gara, lana nola hobetu dezaketen aipatzen saiatu gara eta baita, beren lanak dituen zenbait alderdi positibo baloratu ditugu, beraiek ere gauza bera egin dutelarik. Hau ere baliagarria izan da, gure lana ez ezik, besteena ikustea ere garrantzitsua baita aurrera egin ahal izateko.
Gaurko saioan zenbait gogoeta egin ditut. Teknologia berriak irakasle zein ikasleentzat lagungarriak gerta daitezke, irudi bidezko informazioa haurrei oso erakargarria gertatzen zaie eta ikaskuntza prozesuan komenigarria izan daiteke. Eskura ditugun beste baliabide bat dira eta gizartea garatzen doan heinean, eskola horretara moldatzen saiatzen da. Hori bai, beste baliabide asko bezala, arrakastaren gakoa honi ematen zaion erabileraren araberakoa izan daiteke. Hau da, ongi dago eskolan IKT-ak erabiltzea, hauek eskaintzen dizkiguten aukerez baliatzea eta haurrei haiek eskaintzea, baina hauen erabilera egoki bat egin behar delakoan nago. Kontua ez da horretara mugatzea, baizik eta, baliabide horri etekina ateratzea haurren ikaskuntza prozesua ahalik eta hobea izan dadin.
Honez gain, oso garrantzitsua iruditzen zait haurrek esaten dutenari arreta jartzea. Beti jarduerak kanpotik diseinatzen dira, baina, haurrek ere horretan zeresana badute. Lana egin aurretik, nire gelako haurrei galdetu nien: "Zuek teknologia erabiltzen duzue?", "zertarako?", "gustatzen zaizue?"... beraien iritziak aintzat hartzea ere egokia da, beraiek teknologia berriekin harremantzen dira beren egunerokotasunean eta beraiek ere ideia zein proposamen berriak aportatu ditzakete. Gauzak haurren perspektibatik begiratzera ere ohitu behar dugu apurka-apurka...

Pixkanaka, ari gara ikasturtearen martxa hartzen eta aurrera goaz. Ostiralean, jada, Josemirekin lehenengo bilera izango dugu. Bertan, lan honetaz gain, erakustaldirako prestatu behar ditugun proiektuez hitz egiteko asmoa dugu, ea ditugun zalantzak argitzen ditugun. Momentuz, ideiekin dantzan jarraituko dugu!
Ongi izan!!

No hay comentarios:
Publicar un comentario